viernes, 31 de mayo de 2013

Horrela hasi ginen....eta horrela gabiltza...

Jarraian datorren bideoak ongi erakusten du nolan hasi ginen lanean. Hau azaroan izan zen...



Laia eskuan hartu ta poliki-poliki lurra lantzeari ekin genion. Landatu eta erein genituen lehenengo barazkiak tipulinak, baba-haundiak eta berakatzak izan ziren.

 
Atzekaldeko ilara berdeak baba-beltz edo baba-haundiak dira eta aurrekaldean idarrak jaiotzen ikusi daitezke. 


Hilabeteek aurrera egin dute....


Atzekaldeko baba-beltzak, tipulinak eta berakatza dexente hazita. Idarrak ere hor doaz polit-polit eta lehenengo letxugak (ezkerraldean) landatuta!

Tipulinak.... Eta Aratz-Aizkorri atzekaldean.

Eguzkiak berotzen duenean denak egiten du gora, gure umoreak ere!

Atzekaldean Ballo mendia. Leku pribilejiatua da gurea!

Poliki-poliki, edo hobe esanda, eguraldiak laga digun erritmora baratza haunditzen joan gara. 

Zallako tipula gorria, azenarioak eta teila-azpian dauden tomateak. 

Teilak tomateak hotzetik babesteko jarri genituen, tarteka letxugak ezberdinak jarri ditugu. Atzekaldean piperrak ikus daitezke. 

Baina piperrak asko sufritzen du tenperatura baxua bada. Horrexegatik egin genituen mini-tunelak....
Tatxan!!!!
Hemen egin genuen lehena. Orain horrelako hiru dauzkagu, oraingoz. Hauen erabilera uste genuena baino konplexuagoa da, baina Okarizko hotza saiesteko metodo ona da. 

Hemen piperrak!

Goiko landare hau tomate bat da/zen. Elgoibarko tomatea, Izarrakoa, Burgoseko beste pare bat barietate, Pikoluzea... Gure hazitegitik ateratako landareak. Inguruko ortu guztietako inbidia!! Aurreko asteburuan izotza egin zuen eta landareak pikutara joan ziren. Guztiak pikutara!


Eguraldiak ez digu batere lagundu gure lehen urte honetan. Ez digu lurra lantzeko treguarik eman eta, horrenbestez, landaketa guztiak berandu egiten ari gara.... 

Aitzitik, gustora-gustora bizi direnak mota guztietako animaliak dira. Miruak egunero ematen digu ongi-etorria, orkatza gure oloetatik pasiatzen ikusi dugu, apoak, San Antonio igelak, lertxunak, etab. dira Sorgin Soroko beste bizilagunak. 
Ekainean sartu gara jada eta oraindik ezin artilezko jertse eta berokiak gorde! Landareek tenperatura jakin bat behar dute hazteko, baita haziek ere ernetu eta hazteko. Lurrak ez du horrenbeste euri xurgatzeko denborarik izan, putzuak dauzkagu nonahi!!!


Zorionez gauza batzuek aurrera darraite!




jueves, 23 de mayo de 2013

izena duenak izana omen du....




Arabako lautada menditsu izaten hasi baino lehen, larre eta zeru zabalei so, aurkitzen da Sorginetxe trikuharria. Kondairek diote laminek eraikitzen zituztela trikuharriak gizon eta emakumeei laguntzeko. Hortik gertu bizi den Lamin(h)oria tartean ibiliko zela dudarik ez dut…


Sorginak. Asko hitzegin da beraietaz baina zer dakigu?
 Batzuek diote sortilejioak egiten dituztenak direla, beste batzuk sortzen (jaiotzen) laguntzen dutenak, gaztelerazko “matrona”, Zuberoan, aldiz, sorginari belagile deitzen zaio (belar egile). Izan ere, garai hartan, belargileak jainkoen parean zeuden, belarrekin pertsonak sendatzeko gaitasuna zutelako. Baina, pertsonak sendatzeko gauza denak, ez al du kalte ere egiteko gaitasunik izango? Belagileekin edo sorginekin kontuz ibili behar zela pentsatzen zuten, eta azalpen argirik ez zuten gauzen atzean sorginen eskuak ikusten zituzten.


                    ikimilikiliklik!!!!!

SorginEtxeko Sorgin Zoroari Soroetan barrena sartzea gustatzen zaio, berarekin etorri nahi?